XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2. TEKNIKAK LANTZEN

Zure ezkutuko gaitasun artistikoa zirikatu nahi dugu ikasgai honetan ere.

Horregatik, aurrerago egin dugunaren antzera, istorioak narratzera bultzatu eta lagundu nahi zaitugu, uste osoa bait dugu zure trebetasunetan.

Horrela, bada, orain arte landu eta finkatu alderdiez baliatuz, ondoren xehetuko dugun alderdiaren garapenarekin osatuko duzu aukerako narrazio bat.

Narratzailearen ikuspuntua

Istorioaren egituraketaz gainera, berebiziko garrantzia du narratzaileak.

Honek har ditzakeen jarrerak bezain desberdinak gertatzen dira ekintza berbera azaltzen duten narrazioak.

Kontaketarekiko ikuspuntuari dagokionez, aukera ugari du narratzaileak: - Istorioan bere burua azaldu edo ez.

- Lehen, bigarren edo hirugarren pertsonan narratu.

- Ekintzetatik hurbil edo urrun mantendu.

- Ekintzen kontatze hutsa gauzatu edo eritziren bat gaineratu.

- Pertsonaiekiko, lekuko gisa ageri edo beraien barnean kokatu.

- Ikuspuntu berdina mantendu edo aldatu.

Hala ere, aukera guzti horiek gora-behera, badakizu kontaketarako erabili pertsonari eutsiz, hiru narratzaile mota nagusi direla: - -Lehen pertsonako narratzailea
- Bigarren pertsonakoa
- Hirugarren pertsonakoa.

Gero, ekintzekiko jarreraren arauera (ekintzetan parte hartzearen maila, hauen berri) beste hainbat narratzaile mota ateratzen da.

Hauek dira erabilienak: 1. Lehen pertsonako narratzailea: 1.1. Protagonista. Pertsonaia nagusi gisa, berari gertaturikoa kontatzen du.

1.2. Lekukoa. Gertaeren lekuko batek ikusle gisa kontatzen du, baina ekintzetan parte hartu gabe.

1.3. Hurbilekoa. Bigarren mailako pertsonaia batek kontatzen du protagonistari gertatua, ekintzan nolabait parte hartuz.

2. Hirugarren pertsonako narratzailea: 2.1. Orojakilea. Pertsonaia guztiek ikusten, entzuten, sentitzen edo pentsatzen duten ororen berri du narratzaileak.

Honelakoak dira, nagusiki, nobela tradizionaleko kontatzaileak.

2.2. Mugatua. Narratzailea, lekuko gisa, pertsonaia bakar batek (protagonista gehienetan) entzun, ikusi, sentitu edo pentsa dezakeenera mugatzen da.

2.3. Lekukoa. Narratzaileak ezin konta dezake ikusiz edo entzunez ohar daitekeenaz landa.

Ezin ezagut ditzake pertsonaien barne sentimenduak edo pentsamenduak.

3. Bigarren pertsonako narratzailea: Nobela modernoari loturiko kontatzaile mota dugu hau.

Bigarren pertsonaren ikuspuntua erabiliz elkarrizketa-bakarrizketa itxurako narrazio bihurtzen dira ekintzak.